Argitaratze-data Kategoriak Berriak, the Singular StoreEtiketak , , ,

“The Singular Store” denda ibiltariak Aiarako eta Arabako Lautadako tokiko merkataritza sustatuko du

“The Singular Store” denda ibiltariak Laudioko eta Aguraingo xehekako merkataritza sustatuko ditu gaur eta bihar, eta herri horietako kontsumitzaileei helaraziko die mezu bat, alegia, herriko dendetan erostea dela kalitatearen eta hurbileko tratuaren alde egitea, eta tokiko ekonomiari eta enpleguari bultzada ematea.

“The Singular Store” Laudion izango da gaur, Zumalakarregi etorbidean, Arraño igogailuaren parean, 11:00etatik 22:00etara; eta, bihar, ostirala, Aguraingo San Juan plazan egongo da, 11:00etatik 19:00etara. Bertako dendariak izango dira protagonista, jendeari erakutsiz zein produkturi esker diren bereziak.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatua Laudion izan da gaur goizean, denda ibiltariaren irekieran, eta egunean zehar beren negozioak aurkeztuko dituzten herriko dendariak ezagutu ditu. Natxo Urkixo Laudioko alkateak eta sektoreko ordezkariak ere han izan dira.

“Ekimen hau ari gara gauzatzen, xehekako merkataritza ikusgai jartzearren, eta azpimarratzearren zeinen garrantzitsua den saltoki txikiek gure herri eta hirietako bizitza ekonomiko eta sozialean betetzen duten eginkizuna. Ahalegin bat egin dugu Arabako eskualde batzuetara eta besteetara iristearren, eta, Gasteizen egon ostean, Aiarara eta Arabako Lautadara iritsiko da orain, eta, gero, Arabako Errioxara”, adierazi du Cristina Gonzálezek.

Denda ibiltarira hurbiltzen direnek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte gaur eta bihar Laudioko eta Aguraingo denda berezienak, eta tokiko merkataritzaren aldeko agiria sinatua ahal izango dute, eta era bateko eta besteko animazio jardueretan parte hartu, hala nola Photocall Singular eta Ilustramaton jardueretan. Halaber, aukera izango dute oroigarri bat eramateko etxera.

“The Singular Store” ekimena “Pentsatu pluralean, erosi singularrean” izeneko tokiko merkataritzaren aldeko kanpainan sartu behar da, zeina Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak iragan abenduan abiarazi baitzuen xehekako merkataritzari ospea eman eta ikusgai jartzeko. Guztira, Arabako 165 denda txikik parte hartu dute orain arte ekimen honetan.

Denda ibiltaria lurralde historikoan zehar ibiliko da datorren astean, eta Amurrion egingo du geldialdi bat, maiatzaren 25ean, ostiralarekin, eta Guardian beste bat, maiatzaren 26an, larunbatarekin. Egutegi osoa eguneraturik, kokalekuak eta parte hartzen duten saltokiak web orri honetan daude eskura www.arabahemengoshopping.eus.