Argitaratze-data Kategoriak Berriak, the Singular StoreEtiketak , ,

‘The Singular Store’ denda ibiltariak tokiko merkataritza sustatuko du Araban maiatzean

‘The Singular Store’ denda ibiltariak txikizkako merkataritza sustatuko du maiatzean, eta mezu bat helaraziko du: denda horietan erostea, kalitate eta tratu hurbilaren sinonimo ez ezik, bertako ekonomia eta enplegua bultzatzeko modua ere badela, alegia. Arabako merkatariak izango dira protagonista espazio horretan, zeinetan jendeari erakutsiko baitizkiote berezi egiten dituzten produktuak eta zerbitzuak.

 

Ekimen hori tokiko merkataritzari laguntzeko ‘Pentsatu pluralean, erosi singularrean’ kanpainaren barruan dago, eta asteburu honetan egingo du ibilbideko lehenengo geldialdia Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan; ibilbidean beste herri batzuetan ere izango da, hala nola Laudion, Agurainen, Amurrion eta Guardian. Denda ibiltarira gerturatzen direnek aukera izango dute zenbait jardueratan parte hartzeko, besteak beste, Photocall Singularrean eta Ilustramatoian, eta opariak ere eskuratu ahal izango dituzte.

 

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko diputatuak gaur aurkeztu du proiektu hori, hain zuzen ‘The Singular Store’ ekimenak, Arabako hiriburuan eta merkataritza sektoreko ordezkariekin batera, jendearentzat ateak ireki dituen egun berean. Ekitaldian izan dira, halaber, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Juan Emilio Andrades Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendaria eta merkataritza sektoreko ordezkariak.

 

Cristina Gonzalezek azaldu duenez, datozen asteetan, denda ibiltari hori “Arabako kontsumitzaile, turista eta bisitarien eta Arabako txikizkako merkatarien arteko topagune” bihurtuko da. “Helburua da berebiziko leku bat sortzea, gure txikizkako merkatariek beren negozioak ezagutzera emateko gertutasun eta konfiantzazko giroan eta, aldi berean, gizarteari helarazteko sektore hori gakoa dela gure herri eta hirietako ekonomian eta enpleguan”.

 

“The Singular Store-k Arabako zenbait herri eta eskualdetako hamar denda txiki batuko ditu egunero, eta merkatari horiek jendeari aurkeztuko diote beren negozioa eta erakutsiko beren denda gainerakoetatik bereizten duen produktua, zerbitzua edo bereizgarria, establezimendua paregabe eta bikain egiten duena”, azaldu du.

 

Jarduerak eta egutegia

 

Denda ibiltaria Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egongo da gaur eta bihar (larunbata), 11:00etatik 21:00etara bitartean; maiatzaren 11n eta 12an ere Arabako hiriburuan egongo da, baina Arka eta Antso Jakitunaren kaleetan, hurrenez hurren. Datozen asteetan, ibilbidean aurrera egin eta herri hauetan egingo du geldialdia: Laudion (maiatzak 17), Agurainen (maiatzak 18), Amurrion (maiatzak 25) eta Guardian (maiatzak 26).

 

Egutegi osoa, jarduerak non egingo diren eta zein dendak parte hartuko duen web orrian ikus daiteke (www.arabahemengoshopping.eus).

 

Iragan abenduan, Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak abian jarri zuen ‘Pentsatu pluralean, erosi singularrean’ tokiko merkataritzari laguntzeko kanpaina, txikizkako merkataritzari prestigioa emateko eta bistaratzeko, eta kontsumitzaileekin emozioen bidez bat egiteko. Bada, ‘The Singular Store’ ekimena kanpaina horren barruan sortu da. Kanpaina abian jarri zenetik, guztira Arabako 165 denda txikik parte hartu dute.

 

Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak bat egin dute aurten kanpaina horrekin, zeinaren mezuak entzun eta ikusten baitira komunikabideetan eta sare sozialetan, bai eta parte hartzen duten establezimenduetan ere, bereizgarri, liburuxka eta berriro erabiltzeko poltsen bidez, eta manifestu bat ere atera dute, txikizkako dendetan kontsumitzearen eragin positiboa azaltzen duena: tratu hurbilekoa, kalitatea, jasangarritasuna, enplegua, bertako ekoizpena eta artisautza bultzatzea, eta abar.

 

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak azpimarratu duenez, kanpainarekin eta denda ibiltariarekin “harro sentitu nahi gara tokiko merkataritza, haren kalitate, eskaintza bereizi, hurbiltasun eta garrantziarekin, hiriari bizitasuna emateko. Espazio hori Gasteizko merkataritzaren bikaintasunen erakusleiho ezin hobea izango baita eta modu egokia bere onena emateko egunean-egunean pertsiana zabaltzen dutenen eskaintza, ilusioa eta profesionaltasuna islatzeko”.

 

Bestetik, Juan Andrades Eusko Jaurlaritzako Merkataritzako zuzendariak balioan jarri du kanpainaren izaera integrala, komunikabideak ez ezik, prestakuntza eta ekimen “berritzaileak” ere eskaintzen dituelako, hala nola denda ibiltaria. “Herritarrak gonbidatu nahi ditugu hurbildu eta denda singularrak ezagut ditzaten espazio berezi horretan. Tokiko merkataritza ezinbestekoa da gure herriak, auzoak eta hiriak biziarazi eta mugiarazteko”.

 

Denda ibiltariaren proiektuaren aurkezpen ekitaldiari amaiera emateko, “Singularra naiz. Plurala naiz” izeneko manifestu hori izenpetu dute Cristina González diputatuak, Gorka Urtaran alkateak, Juan Andrades Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendariak eta sektoreko ordezkariek. ‘The Singular Store’ ekimenera joango diren kontsumitzaile guztiek ere aukera izango dute tokiko merkatariei babesa agertzeko, adierazpen hori bera izenpetuz.