Argitaratze-data Kategoriak Berriak, denda singularrak, the Singular StoreEtiketak , ,

The Singular Storek Amurrioko eta Guardiako bertako merkataritza sustatutako du asteburu honetan

‘The Singular Store’ denda ibiltariak Amurrioko eta Guardiako txikizkako merkataritza sustatuko du gaur eta bihar, eta kontsumitzaileei eta bisitariei mezu hau helaraziko die: udalerri horietako dendetan erostea kalitate eta tratu hurbilaren sinonimoa dela, baita bertako ekonomia eta enplegua bultzatzeko modua ere.

‘The Singular Store’ Amurrioko Udaletxeko plazan egongo da gaur, 10:00etatik 20:00etara arte; eta bihar, larunbata, Guardiako plaza berrian irekiko ditu ateak, 11:00etatik 19:00etara arte. Bertako merkatariak izango dira txikizkako dendak bultzatzeko ekimen honen protagonista nagusia, beren salgairik adierazgarrienak jendeari eskainiz.

Cristina González, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko diputatua, Amurrion denda ibiltaria irekitzeko ekitaldian izan da gaur goizean, eta ezagutu ditu egunean zehar beren dendak aurkeztuko dituzten herriko merkatariak. Amurrioko alkatea, Josune Irabien, eta arlo honen ordezkariak ere bertan izan dira.

“Denda ibiltariak datorren asteburuan bukatuko du Arabako eskualdeetan zehar egiten ari den ibilaldia, txikizkako merkataritza ikusgai egiteko eta horrek hemengo herri eta hirietako ekonomia eta gizarte bizitzan betetzen duen zeregin garrantzitsua azpimarratzeko helburua duena. Enpleguaren aldetik garrantzi handia duen arlo hau sustatzeko gure lanak proiektu eta ekimen berriekin segituko du”, adierazi du Cristina Gonzalezek.

60 denda baino gehiago

Gaur eta bihar denda ibiltarira etortzen direnek Amurrioko eta Guardiako dendarik berezienak ezagutu ahal izango dituzte, zuzeneko harremanak izan horien arduradunekin eta bertako merkataritzari laguntzeko manifestua izenpetu. Baita ere, hainbat animazio jardueratan parte hartu ahal izango dute, hala nola Photocal Singular eta Ilustramaton direlakoetan, eta oroigarri bat eraman.

Iragan abenduan, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak abian jarri zuen ‘Pentsatu pluralean, erosi singularrean’ tokiko merkataritzari laguntzeko kanpaina, txikizkako merkataritzari prestigioa emateko eta bistaratzeko. Bada, ‘The Singular Store’ ekimena kanpaina horren barruan kokatzen da. Kanpaina abian jarri zenetik, guztira Arabako 165 denda txikik parte hartu dute.

Denda ibiltariak bihar, larunbatean, bukatuko du lurralde historikoan zehar egiten ari den ibilaldia, azken lau asteotan Gasteiz, Laudio, Agurain, Amurrio eta Guardia bisitatu eta gero. Arabako 60 denda baino gehiagok beren salgai eta zerbitzuen berezitasunak aurkeztu dizkiote jendeari espazio honetan.

Gaur arte 1.200 pertsona baino gehiago etorri dira ‘The Singular Store’ dendara, eta eskainitako jardueretan parte hartu dute. Photocall Singular-en hartutako argazki guztiak eta Ilustramaton-eko irudi guztiak deskargatu daitezke www.arabahemengoshopping.eus kanpainako web atarian.